amelie bertan bizi da
Behinola sortu zen Paris, behinola erditu zuen Parisek Montmartre auzo maldatsua, eta bertikaltasun horrek maitemindu ninduen ni behinola.
Zoriona bezain bihurgunetsuak diren trakeski asfaltaturiko bidezidor eta kale-argi meharren mehatxuan jausten diren eskailera amaigabez taxutu da Montmartre udazken nagien joan etorri errepikakorrean. Gauez mila bider handitzen da bere soslai okerraren edertasuna, bertako buhameria zertzelada bakan horien xarma indar handiagoz azaleratzen baita izarren argipean, Eiffel dorrearen urruneko distira zerura goratzen denean.
Euriak izorra ez dezakeen etxe anabasa da Montmartre, Moulin Rouge-ko errota famatuegiaren argiek euri tantak ezabatzen baitituzte bira lodi horiekin; eguraldi txarrak ezin du auzo honek osatzen duen zirriborro maitagarri hori zatikatu, Montmartre ez baita auzo fisiko hutsa, ideia, amets bat ere badelako, niretzat behintzat.
Ametsa baita auzo honetako mendi ttipiaren gailurraren altzoan zintzilikaturik dagoen Sacré Coeur basilikaren begietatik Parisi so egitea, XXI. mendearen adierazle diren eraikin luzeak hodeiekin borrokan dihardutela ikustea, urrutian, Parisen; eta azpian duzun auzo hori maitatzea, neurri batean iraganean pausaturik geratu den auzo hori, idazle askoren inspirazio iturri izan zen munduko txoko ñimiñoa, Montmartre.
Montmartren bizi nahiko nuke. Badut hala nolako sentimendu arraro bat, Frantziako zoko fantastiko hartara eraman nahi nauena; agian asteburu bat igaroko nuke, agian hilabete bat, edota bertan bizitzen jarri, nork daki.
Benetan arraroa da auzo batek nigan sortu duen zirrara, ez diot zentzuzko ziorik aurkitu, nahiz eta nire subkontziente osoan larregi arakatu . Agian, Ernest Hemingway handia kale maldatsu hauetan barrena ibili zelako izango da; agian, nire apartamentuan iratzarri eta Café Bruant–en kafesne bero bat hartzearen ideia izango da; edota hilerrira joan eta Emile Zoláren hilobiari argazkia ateratzeko gogo hori.
Ez dakit nola, ez dakit noiz, baina egunen batean tren baten barrura jauzi egingo dut presaka, inori ezer esan gabe. Eta Parisera iritsiko naiz, azken geltokira, eta taxi bati uko egingo diot “ ez, ez, lasai, ni ibiltzen noa” pentsatuz, eta Montmartrera ailegatuko naiz astiro, irribarre itzela sudurretik zintzilik, eguzkiak azken hodei hankamotzak kiskaltzen dituela ikusiz.
Eta teilatu batera igota hodeiertzari so geratuko naiz, zoriontsu, zeruarekiko dudan atxikimendua benetan handia dela sentituz, Parisi “gabon, eta ondoloin” samur bat luzatuz, urrutian, Euskal Herritik datorren txirula melodia oparo eta miresgarriak, begiak itxiko dizkidalarik.
2 Comments:
ikusi hau
http://sandstead.com/images/paris
Jon
Jon: zuk emandako estekara jauzi egin, eta ikusi ditut argazkiak. Irribarrea sortu zait. Iaz leku horietan guztietan izan ginen, eta baita gehiagotan ere: Amelieren karruselean, Bihotz Sakratuan... Interneten topatu nuen Amelie filmatu zuten lekuen helbideak eta abar biltzen zituena, eta argazkiak, eta berari e-mail bat bidalita egin nuen leku horietara joateko bidea. Hunkigarria izan zen.
Eta zuei, metropolitan honetako kudeatzaileoi, besarkada bat berriro ere... Testuarekin, argazkiarekin... emoxionatu egin nauzue berriro ere.
Enregistrer un commentaire
<< Home