metropolitan. . .

Ez dakigulako baina jakin nahi dugulako Ez dugulako probatu baina probatu nahi dugulako Ez dugulako ikasi baina ikasi nahi dugulako Donostialdeko gazte literaturzaleen blog bohemio, paristar, idealista, erromantiko, fantasioso eta eroa.

mercredi, avril 25, 2007

GERNIKA II


Juani asko gustatzen zaizkio azokak. Betidanik gustatu izan zaizkio. Gogoan du, nola txikia zenean bere amonaren postura joaten zen, amonari laguntzera. Mostradorera ere ez zen iristen, baina soldadu batek bezain prestu eta adoretsu betetzen zuen bere misioa. Hegazkinak bezala ikusten zituen bezeroen begiak. Bonbak bezala erortzen zitzaizkion haien begiradak. "Joño, Joxepa, zure igual-iguala da. Bai mutil jatorra". Halaxe esaten zioten amonari. Bera, halakoetan, lotsatu egiten zen. Bai, nabarmena zen lotsatu egiten zela. Ez soilik aurpegia gorritzen zitzaiolako. Ez. Kontua zen, handik hogei segundutara amonaren oihuak entzuten zirela. Bai. Arrautzak lurrera jausten zitzaizkion Juani lotsatzen zenean. Eta, gorringoa lurreko zerrautsarekin nahasten eta desegiten zen, bere aurpegia lotsaren gorritasunarekin nahasten eta desegiten zen modu berean. Baina, gustuko zuen azoka.

Gogoan du, nola hain txikia ez zen batean amonaren postura abiatu zen. Baina, ez zen heldu. Bi postu aurrerago geratu zen. Inork ez zuen bere ondoan "joño, Joxepa, zure igual-iguala da. Bai mutil jatorra" esan. Egia esan, berak ez zuen ezer aditu. Eta, hori harritzekoa da benetan, babarik babuenak ere bai baitaki azoka batean zenbat soinu egon ohi den. Bai, babuak dira babak. Beti taldean, beti beldurrez. Ez dira inon nabarmentzen. Inbidiaz begiratzen diete ondoko letxuga eta tomate koloretsuak. Beraiek ez daukate ia kolorerik ere. Txikiak dira. Beldurra diote argiari. Eta, horregatik, ume txikiekin mendekatu ohi dira. Ez, ume txikiei ez zaizkie babak gustatzen. Baina, babei ume txikiak bai. Edo, hobeto esanda, hauen malkoak bai.

Baina, Juani malkoak ez zitzaizkion gustatzen. Juani bere amonaren postua baino bi postu lehenago egon ohi zen neska gustatzen zitzaion. Ez zekien bere izenik, baina, bazekien belarria laztantzen duten izen horietako bat izango zela, "Maialen" edo antzekoren bat. Ilea fina zeukan, hori-horia, limoi garratzen kolorekoa. Berak bazekien, ordea, zapore gozoa izango zuela. Aurpegiko azala leun leuna zeukala zirudien, tomatearen antzekoa. Baina, ez zeukan tomatearen kolore gorri mingarririk. Kolore gozoa zeukan. Ilearen zaporea bezain gozoa bai behintzat.

Goiz hartan ere azokara joan zen. Baina, goiz hartan ere ez zen amonaren postura iritsi. Bi postu lehenago geratu zen, tomateak eta limoiak erosten. Eta sagar batzuk ere bai, hantxe jateko, izen gozoko neska harekin hitz egiten zuen bitartean. Bai, gosetu egiten du maitasunak.

Baina, putreak ere gose ziren.

4 Comments:

Blogger MAGABILA said...

"Ilea fina zeukan, hori-horia, limoi garratzen kolorekoa", jaja, inconfundible.

Susa aldizkariak 87ko urteurrena zela-eta ateratako alea:

http://andima.armiarma.com/susa/susa18.htm

Memoriaren batailari tinko eutsi behar diogu.

Ondo segi

7:02 PM  
Anonymous Anonyme said...

Hire baimenarekin hau lapurtuko diat:
"Ez zekien bere izenik, baina, bazekien belarria laztantzen duten izen horietako bat izango zela, "Maialen" edo antzekoren bat."

Ederki geratu duk.

7:48 PM  
Anonymous Anonyme said...

Nik ez daukat limoi garratzen koloreko ile hori-horia, baño polita da jakitea belarria laztantzen duten izen horietako bat daukadala...

3:36 PM  
Blogger AG said...

Oso ona... HItz gutxirekin, gauza asko iradokitzen ditu...

4:15 PM  

Enregistrer un commentaire

<< Home