Gaur, ilunabar hits honetan, bizitza, askotan, pisuko kristaletatik kanpora ikusten dudala iruditzen zait. Eta, neguan kristal gardenak horma bihurtzen dira askotan. Eta, kanpoan ez dugu ezer ikusten, besteak beste “kanpo”rik ez dagoelako. Eta, eskuak kristala laztantzen duenean, malko moduko tanta hotzez betetzen da azala.
Eta udako hondartzekin gogoratzen gara, beno, batzuetan urriko hondartzekin. Urak oinak laztantzean sentiturikoa sentitu nahi izaten duzu, baina, tanta hotzak baino ez dituzu nabaritzen esku artean. Beno, eta, tanta bero batzuk ere bai, masailetik behera, goxatu ordez barrua izozten dutenak. Eta hegan egiteko gogoa iristen da.
Eta hondartza biluziak ikusi nahi izaten ditugu, haizea laztandu nahi izaten dugu, munduari barre egin nahi izaten diogu. Baina, bizitzak hegoak mozten dituenean, zail izaten da hegan egitea.
Baina, gaur, ilunabar hits honetan, bizitza kristaletatik kanpokoa baino zerbait gehiago badela iruditu zait, ez dudala atzean utzitako hondartzekin oroitu behar (hondartzak dira nire oinen arrastoekin oroitu behar dutenak, itsasoak gazteluak bezala eraman ez baditu behintzat), aurretik ditudanekin baizik. Eta, ohartu naiz, bi oin nahikoa eta gehiegi direla hegan egiteko, amets egiteko, mundu osoa zeharkatzeko zure portalera iritsi arte. (Batzuei askatasun hau poltsa batetan gordetzen ahalegintzen diren arren).
Eta zure etxeko leihotik ez dut kanpora begiratu beharrik bizitzeko.